TESTIGANTZA
Gertatutakoa gertatu baino lehen ere banekien zerbait ez zegoela guztiz ondo, eta behin baino gehiagotan pasatu zitzaidan burutik terapian hastea. Baina, jende askok bezala, beti izan dut aguantatzeko joera. Ezinegonak “bizitza normala” egitea oztopatzen ez duen bitartean, aurrera.
Halakoetan, gainera, erraza izaten da aitzakiak topatzea: “ez da hainbesterako”, “mundu guztiak ditu gorabeherak”, “dirutza da” “lan finkorik ez, eta behin konpromisoa hartuta, jarraituko duzula bermatu behar duzu”, “orain, lasaiago zaudela, egoerak hobera egingo du”… Askori gertatzen zaigu erabaki bat noizbait hartu beharko dugula jakin arren, ez garela ausartzen egoerak aurpegian eztanda egin arte. Eta orduan, norberaren egoa irentsi, egoera kontrolpean ez daukagula onartu eta laguntza eskatu besterik ez dugu.
Nire kasuan, terapian hasteko erabakia sail horretakoa izan zen. Eztanda egin zuen egoera baten ostean, egoa irentsi, egoera kontrolpean ez neukala (eta berez ez nuela izango) onartu, eta Aitziberrekin jarri nintzen harremanetan laguntza eske. Handik egun batzuetara elkar ezagutzeko lehenengo hitzordua zehaztu, eta lanean hasi ginen. Niretzat, gainera, terapia euskaraz eta feminismotik ere lantzea garrantzitsua zen. Izan ere, zure kezkak hein batean partekatzen dituen pertsona bat aurrean izateak beti egiten du dena erosoago, batez ere, zure bizitza kontatu eta bideratzen lagundu behar badizu.
Hasierako egunetako dinamika nahiak eta beharrak argitzeko izan zen, eta gero hasi ginen lanean. Astean behin hitzordua jarri, eta astean zehar izandako kezkak, egoera tentsoak, arazoak… komentatu, aztertu eta oztopoei aurre egiteko baliabideak lantzen aritu gara. Azken finean, hori baita nik behar nuena: faltan nituen zenbait tresna eta baliabideak topatzea. Konfiantzazko giroan eta epaituta sentitu gabe.
Egia da prozesua ez dela erraza beti, eta badaudela tarte edo egun gogorragoak eta frustragarriagoak (era berean, desikaste-berrikaste prozesu batean beharrezkoak eta saihestezinak). Eta garai horietan ere berak egin du tira terapian aurrera jarraitzeko, pazientzia eta profesionaltasun handiz.
Lanean hasi eta urtebetera, hasi naiz Aitziberrek emandako baliabideak barneratzen; eta lehen ahalegin kontzientea zena, eguneroko bizitzan naturaltasunez erabiltzen. Ikasitako teknikei esker, lehen antsietatea eta nekea eragiten zidaten zenbait egoera kudeatzen ikasi ikasi dut, eta horrek eragina izan du aldartean, motibazioan eta lanean jarraitzeko gogoan.
Orain, terapiaren beste fase batean gaude, atseginagoa agian, ziurtasuna eta autoestimua indartzen, eta komunikazio asertiboan zentratuago.